lunes, octubre 24, 2011

Top 5: momentu historikoetan lekuz kanpo zaudenerako kantak

Munduko semiologoak, batu zaitezte eta saiatu denen artean, mesedez, bideo honi esplikazio koherentea ematen. Baita, ahal baduzue, ikusi duten 10 lagunetatik 12ri sortu zaien galderari erantzuten ere: zergatik!? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Patxi López agertzen da, ETAren iragarpena baloratzen txu-txu trenean doala.



Ni behintzat, hitzik gabe geratu naiz ikus-entzunezko dokumentu horren aurrean eta, hitzik ateratzen ez denean, musika jartzea ez da irtenbide txarra. Hona beraz, Euskal Herriaren azken 50 urteetako historia politikoaren unerik garrantzitsuenetakoan erabat lekuz kanpo egon den Patxi Lópezi eskainitako kanten top-5a:

5.- Camera Obscura , Let’s get out of this country:

“Goazen herrialde honetatik at” kantatzen du Camera Obscura talde indie eskoziarrak; eta Patxi Lópezek (oso indiea bera) entzun egingo zuen abestia beharbada; ez hori bakarrik, kasu egin diela dirudi eta oporretara joan da.



4.- El último de la fila, Insurrección:

Joan zara kanpora beraz eta bitartean ez dizute ba bake konferentzia guztien ama antolatu? Eta astea bukatu baino lehen ETAren agiria. Eta “non dago Patxi López?” galdetzen du jendeak, “non dago Patxi?” diote PSEko kideek. “Non zeunden, hainbeste behar zintudanean?” galdetzen du El último de la filak kanta ezagun honetan.



3.- Undrop, Train:

Eta Patxi López trenean dagoela jakin dugu halako batean. Baina tren hori hartu duen bezala, beste trena, helmuga gorago duena, bakegintzan, elkarbizitzan,tar, tar, tar… tren hori badoa, lehendakaria nasan utzita. “And it’s going away, going away, going away”, Undrop taldeak kantatzen zuenez.



2.- Hertzainak, Drogas AEKn:

Zer egin trantze horretan? Bideo bat! Baina euskara klaseetatik pira asko egin dituzu eta barrabilak bistan bazeunde legez sentitzen zara, ETAren “amaiarenaren” momentua ailegatu den honetan. Hertzainak taldearen klasikoak kantatzen zuen bezala, drogak nahi zenituzke euskaltegian, “itsua egoteko, baskoak ez ikusteko”.



1.- Negu Gorriak, Jainkoak gorde beza Lehendakaria:

Ez dago modurik egoera honetatik modu itxurosoan ateratzeko, non eta ez den naturaz gaindiko indarren bat tartean sartzen. Derribos Arias taldearen Dios salve al Lehendakari kantarekin amaituko dugu top-5 hau, Negu Gorriaken euskarazko bertsioan. “Jainkoak gorde beza lehendakaria, ez dela ez rastafaria, txistulari bat besterik ez da”.



Fuente:
argia.com

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...